XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CELIB (Comité d'Etudes et de Liaison des Intérets Bretons) ez da zehazki alderdi bat, batzorde bat baino.

Jauntxo eskualdezale zenbait bildu zen hor Bretainiako premia batzuri erantzun nahian.

Hauen ekintzarik txalogarriena industriaren bat edo beste Bretainiara ekartzea izan dela esan genezake.

Ez asko gehiagorik.

Piskanaka-piskanaka, gainera, frantses politikara lerratu ziren denak.

CELIB batek ez zuen kalitaterik ez indarrik Bretainiako sozio-ekonomiazko egoerari arrapostu egoki bat emateko.

Gerraostean, nortasuna galduz eta desintegratuz joan da Bretainia.

Langabezia ugalduz zihoan.

Jendeak kanpora ihes egiten zuen, lan bila.

Ekonomia kapitalistaren indartzeak ez dio Bretainiari onik ekarri.

Gizarte ohiturak eta kultur egiturak hankazgora joan dira, hein handi batetan.

Krisi hori ulertzen eta politik erantzuna ematen ahaleginduko dira bretoi indarrak aurrerantzean.

MOB

CELIB sortu eta zazpi urte geroago 1957an sortzen da MOB (Bretainiaren Antolakuntzarako Mugimendua).

Notable edo jauntxoen agintetik aparte egiten den gerraosteko lehen oldea da.

Aski heterogeneo da MOB hau: eskualdezaleak eta separatistak nahasturik aurkitzen dira barnean.

Banakuntzak eta krisiak barnean ematea ez da harritzekoa, bada.

Lehen krisia, 1963koa da: parte batek ezkerretik aldegiten dio, hurrengo urtean UDB eratzeko.

Motel bizi da MOB gerora, 1966an desegin arte.

MOB zena Mouvement National Breton et Fédéraliste Européen bilakatzen da, baina ez du ekintzarik.

MOBen hondakinak Bretagne Action taldeak bildu nahi ditu, 1967an; gero, 1971n, Jeune Bretagne izena hartuko duenak.

Hau da bretoi mugimenduaren eskuina.

SAV

Eskuin hau biltzeko eta indartzeko, 1972an, Strollad ar vro (Lurraldeko Alderdia) sortzen da, SAV bezala ezaguna.

Ideologiatik landa bretoi guztiak bilduko dituen alderdi bat egin nahi lukete; interklasista da, eta bai sozialismoaren eta bai kapitalismoaren eskemak arrotzak direla eta, arbuiatu egiten ditu biak.

Ideietan MOBen jarraitzailea da SAV.

UDB

Arestian aipatu dugu.